XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskailera batzu igon eta gela batean aurkitu ziren begietako estalkiak kendu zizkietenean.

Poltsikoak arakatu zizkieten.

Arthur-ek bidean zehar behin eta berriz alferrik errepikatutako galdera egin zien: - Zergatik tratatzen gaituzue honela? Gu bake gizonak gara, ez militarrak.

Haietako batek ingeles baldarrean erantzun zion: - Militarrak zein zibilak izan, berdinak zarete: Satan Handiaren semeak.

- Guk ez genituen gure gurasoak aukeratu.

- Baina arbuiatu ditzakezue.

- Zergatik? - Satan Handiak, Estatu Batuek, munduaz jabetu nahi dutelako.

- Gu kazetariak besterik ez gara.

- Isilik! Eseri zaitezte hor, lurrean.

Orduak iragan ziren horrela, bahitu biak lurrean loturik eserita, eta aurrean mutiko mukizu haietako bi zaintzaile zituztela, metrailetak eskuetan disparatzeko gertu.

Eguerdia ere joan egin zen. Eta arratsaldea.

Zaindariak txandakatu egiten ziren.

- Zer, ez dugu bazkaldu behar, ala?- galdetu zien Arthur-ek.

Itzultzailea deitu eta Arthur-ek galdera errepikatu zion.

Handik ordubetera atea zabaldu zen.

Bazkaria zetorren.

Lurretik metro erdi altxatzen ez zen mahaitxo gainean bi azpil jarri zituzten.

Dilistak ziren, lentejak. Gero, ogia eta ura. Hori zen dena.

Jatekoa ekarri zutenek berriz alde egin eta gelan betiko laurak geratu ziren, bi bahituak eta bi zaindariak.